"Haurtzaroko oroitzapen politenak amamaren okindegikoak ditut"
Jasone Zaballa Portugaleteko Alfageme klinikan jaio zenez, “bene-benetako jarrillero azkenetariko bat” izan zela esaten zioten gurasoek, handik aurrera herriko umeak Gurutzetan jaio ziren eta.
María Díaz de Haro kalean, Areilza Doktorearen parke aurrean, bizi zen arren, Jasoneren oroitzapen politenak Víctor Chávarri kalekoak dira: “Hor zegoen amama Angelesen okindegia eta nik asteburu guztiak ematen nituen berarekin batera, mostradore atzean, lagundu nahian”. Lana baino, plazera zen hura Jasonerentzat: “Beti geunden barrez, istorioak kontatzen… Bezeroak adiskideak ziren eta mundu guztiak maite zuen piloa amama”.
Santa Ana eta El Carmen ikastetxeetara joan zen eta gero Sarrikora, enpresa-ikasketak egitera. Horren ostean, hogeita bat urte zituelarik, utzi zuen Portugalete aurreneko aldiz: “Alemaniako Regensburg Unibertsitatera jo nuen, urtebete emateko asmoz. Handik hogei urte igaro dira kasik eta oraindik nago herritik kanpo”.
Alemaniatik Pragara egin zuen; handik Londresera eta Londresetik Australiara: “Bizitzak berak eraman nau leku batetik bestera, nik ezer planifikatu barik. Londresen, Nicholas senarra ezagutu nuen, Sidneyra joatea erabaki eta ez zait damutu”.
Software enpresa batean ari da Jasone, poz-pozik, lanean: “Harro nago neure enpresaz, munduan aitzindaria delako gizarte eta ingurumen agendan”.
Sidneyko bizimodua ez da Euskal Herriko berbera, eguraldia eguzkitsua eta beroa izanik, etxetik kanpo ematen baitute ia urte osoa. “Nire seme-alabak”, diosku Jasonek, “basati samarrak dira: oinutsik dabiltza kalean, arboletara igotzen dira, neguan ere igeri egiten dute ozeanoan… Horra hor gure egunerokoaren laburpen egokia”.
“Familiaren eta adiskideen hutsa sumatzen dut, noski, baina erroak eginak ditut Australian eta auskalo egunen batean bueltatuko ote naizen Portugaletera. Dena delarik, itzultzekotan, eguraldi ona, erakundeen ustelkeriarik eza eta australiarren pentsamolde irekia eramango nituzke nirekin batera”.