San Nikolas arraun taldea

Karlos Belasko: “Emakumezkoen trainerua lehentasunetako bat da San Nikolas arraun taldearentzat”

San Nikolas arraun taldea
San Nikolas arraun taldea
Karlos Belasko: “Emakumezkoen trainerua lehentasunetako bat da San Nikolas arraun taldearentzat”

Solasaldi goxoa egin dugu Karlos Belasko San Nikolas arraun taldeko presidentearekin, mintza-
gai nagusia Portugaleteko emakumezkoen trainerua zelarik, jakinda klubak ahalegin berezia egiten duela Jarrillera femeninoaren alde.

“Emakumezkoen trainerua gure arraun taldearen hiru oinarri nagusietako bat dugu”, diosku Belaskok. “Beraren egonkortasuna bermatze aldera dihardugu, denboraldiz denboraldi, etorkizunean gizonezkoen traineruaren pareko helburuak ezarri ahal izateko.”

Taldearen beste bi oinarri nagusiak zeintzuk diren galdetuta, Belaskok ezbairik gabe erantzun digu, batetik, gizonezkoen trainerua dagoela eta, bestetik, aurrekoa bezain garrantzitsua edo are garrantzitsuagoa, beheko kategoriak, hamabi urtetik aurrerakoak.

“Traineru absolutu maskulinoa ahalik eta lehiakorren egin nahi dugu eta plantillaren oinarrian klubeko kirolariak egon daitezela, aldi berean ateak zabal-zabalik ditugularik, gurera etorri nahi duten guztiak atsegin handiz hartzeko.”

Beheko kategoriak, esan bezala, arreta bereziz lantzen dira hamabi urtetik aurrera. “San Nikolas arraun klubaren eskaintzak kirolaren praktika hutsa gainditu nahi du eta zeregin aktiboa eduki Portugaleteko eta inguruetako neska-mutilen hezkuntzan eta prestakuntzan.” Horri begira, San Nikolas klubak elkarlanean dihardu etengabe herriko ikastetxeekin, “gazte jendearekiko harreman arin eta emankorra izan nahian.”

Jarrillera femeninora bueltatuta, “denboraldi honetan”, esaten digu Belaskok, “San Nikolas taldeko hiru neska laga dizkiegu Lutxanako eta Isuntzako traineruei. Lutxanan bereziki Portugaleteko neska arraunlari bikainak ari dira, 2017an Jarrilleran zeudenak.”

Izan ere, 2020-2021 denboraldian hogei eta piko neskarekin lan egin dute klubean. “Neskak, gainera, ez dira kategoria bakarrekoak, hainbatetakoak baizik, eta urterik urte gero eta ahalegin handiagoa egiten dugu kategoria guzti-guztietako talde femeninoak (haurrak, kadeteak, gazteak eta seniorrak) egonkortu daitezen eta, posible izanez gero, kide kopuruz hazi daitezen.”